§ 272. 4/2005 LEGEA, OTSAILAREN 18KOA, EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKOA(1)(2)

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

I

 

       Emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioa, baita sexuaren ziozko edozein bereizkeria-mota beren beregi debekatzea ere, arau juridiko batzuetan daude jasota.

 

       Emakumearen aurkako bereizkeria-era guztiak ezabatzeari buruzko Konbentzioak (NBEren Biltzar Nagusiak 1979ko abenduan onetsi zuen, eta Espainiar Estatuak 1984ko otsailean berretsi) emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioa aldarrikatu zuen. Konbentzio horren 2. artikuluan, ondoko konpromisoa hartu zuten KBEko kideek: "printzipio hori legeen bidez edo beste bitarteko egoki batzuk erabiliz benetan betearazten dela bermatzea".

 

       Beste alde batetik, 1999ko maiatzaren 1ean Amsterdamgo Ituna indarrean jarri zenetik, emakumeen eta gizonen berdintasuna Europar Batasunaren funtsezko printzipio bilakatu da. Europar Batasunaren Ituneko 3.2. artikuluarekin bat, Batasuneko eta kide diren estatuetako politika eta ekintza guztietan integratu behar da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak ezabatu eta horien berdintasuna sustatzeko helburua.

 

       Euskadiko Autonomia Estatutuaren 9.1 artikuluak, Espainiako Konstituzioan xedatutakoari aipamen bat eginez, berdintasunerako eskubidea eta sexuaren ziozko bereizkeriarik eza aldarrikatzen da. Horrez gainera, Estatutuaren 9.2d) artikuluan zera adierazten da: herri-aginteek pertsonen eta taldeen berdintasunerako baldintzak sustatzeko eta hori lortzeko oztopoak ezabatzeko betebeharra dutela, berdintasun hori benetan eta modu eraginkorrean gauzatu dadin.

 

       Era berean, Eusko Legebiltzarrak, otsailaren 5eko 2/1988 Legea onartuta (Emakumearen Euskal Erakundea sortarazteari buruzkoa da lege hori), lege horren zioen adierazpenean jasotzen den bezala, lehen mailako gaitzat jo zuen emakumeekin bereizkeriaz jokatzeko era guztiak benetan ezabatzea eta emakumeek gure Erkidegoko alor guztietan esku hartzeari bultza egiteko beharrezkoak izan daitezkeen neurriak hartzea; halaber, bere gain hartu zuen arlo horretan ekintza bateratuari indar egiteko lana ere.

 

       2/1988 Legea garatze aldera, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeentzako ekintza Positiboko hiru plan onetsi ditu. Plan horietan euskal herri-administrazioen esku-hartzearen oinarrizko gidalerroak jasotzen dira, emakumeen eta gizonen berdintasuna bizitzako eremu guztietan bultzatzeari dagokionez.

 

II

 

       Emakumeek eta gizonek bete izan ohi dituzten roletan aldaketa handiak ari dira gertatzen. Emakumeek lan-merkatuan daukaten partaidetza handiagoa, hezkuntzako maila guztietan egoteko aukera, prestakuntza eta kulturara sarbide handiagoa izatea, eta, hein txikiago batean, erabakiak hartzen diren eremuetara sarbide handiagoa izatea, bada, horiek guztiak emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean aurrera egin ahal izateko aldaketa onuragarriak ari dira eragiten gizartean. Aldaketok ez lirateke posible izango mugimendu feministen funtsezko ekarpenik gabe, ezta anonimatuan emakumeen eskubideen alde lan egin duten emakume horien guztien ahaleginik gabe ere.

 

       Haatik, lan-merkatuari, partaidetza politikoari, etxeko lanak egiteari, emakumeen aurkako bortizkeriari, pobreziari, eta abarri buruzko datuek oraindik ere erakusten dute hierarkizazioa dagoela gizonek eta emakumeek gizartean dituzten harremanetan eta gizarte horretan betetzen duten lekuan. Hierarkizazio horren jatorria, hain zuzen, sexuaren araberako jokaera-estereotipo eta -eredu soziokultural batzuk dira, emakumeei etxeko eremuaren ardura eta gizonei eremu publikoaren ardura izendatzen baitiete, eta hori, gainera, balorazio eta aitorpen ekonomiko eta sozial oso ezberdina eginez. Bestalde, emakume askok anitz bereizkeria jasaten dute, sexuaren ziozko bereizkeriaz gain, beste batzuk ere pairatzen baitituzte, arraza, jatorri etnikoa, hizkuntza, adina, ezintasuna, ondarea, orientazio sexuala eta beste hainbat faktore direla eta. Horrek guztiak, hainbat kasutan, baldintzatu egiten du emakumeek benetan balia ditzaten herritarrek berez dituzten eskubideak.

 

       Apustua, une honetan, zera da, berdintasunerako eskubide hori lege-testuetan formalki aitortua ez ezik, praktikan benetan aplikatua izatea bermatzea. Horretarako, lege honek mekanismo eta neurri zehatz batzuk planteatzen ditu, euskal herri-administrazioek eragin handiagoko politikak eta jarduketak abiarazi ditzaten lortzeko, halako moldez non emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren fenomenoa -egiturazkoa eta unibertsala- gizartetik desagerrarazi dadin.

 

       Beste alde batetik, gero eta herritar gehiagok onartzen dute emakumeek enpleguaren arloan, partaidetza soziopolitikoan, autonomia ekonomikoan, astialdia gozatzeari dagokionean eta abarretan duten berdintasunerako eskubidea; halaber, gure gizarteak gero eta begi hobeagoz ikusten du gizonek etxeko eginbeharretan gehiago esku hartu behar dutela eta erantzukizunak banatu behar direla; are, hori guztia beharrezkotzat, komenigarritzat eta zuzentzat jotzen da. Arlo publikoan zein pribatuan emakumeen eta gizonen berdintasunezko partaidetza duen gizartea, non emakumeen eta gizonen artean eta ugalketaren eta ustiaketaren artean hierarkiarik gabeko harremana eratuko den, non lanaren balioa ez den lan hori emakumeek edo gizonek egin izanaren menpe egongo, eta gizarte bat non pertsonek eta taldeek dauzkaten gaitasunak hobeto erabiliko diren, hori da, gaur egun, teoriak nahiz emakumeen eta gizonen berdintasun erreal eta benetakoaren alde lanean diharduten talde feministek eta erakundeek desiragarritzat aurkeztu duten eredua, eta norbanakoen nahiz taldeen diskurtsoan agertuz doana. Beraz, horrek guztiak aukera ederra ematen digu genero-ikuspegia politika publikoetan txertatzeko xedea duen legea taxutzeko.

 

       Halaber, hamar urte baino gehiagotan ekintza positiboko planak garatu izanak eskarmentua eta aurrerakada garrantzitsuak ere ekarri dizkio administrazioari berari. Plan horiek ondokoak bideratu dituzte: euskal herri-administrazioaren hiru mailetan berdintasun-politikak garatzea eta ezartzea; politika horiek abian jartzeko egiturak sortzea; erakundeen barneko eta erakunde arteko koordinazio eta lankidetzarako mekanismo iraunkorrak ezartzea; pertsonak trebatzea politika horietan aurrera egiteko; eta emakumeen eta gizonen berdintasuna gaur egungo agenda politikoan agerraraztea. Alabaina, egia da orobat lan handia geratzen dela oraindik egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasuna helburu estrategikoa eta lehentasunezkoa izan dezaten euskal herri-aginteek eta herri-administrazioek. Eta lege honek kontu horretan ere esku hartu nahi du.

 

       Horrez gain, lege honek berdintasun-politiken garapenean planteatzen duen aurrerakada zeharo beharrezkoa da, baldin eta erantzun egokia eman nahi bazaie genero-ikuspegia eta sexuen berdintasunari doakion helburua administrazioen politika eta jarduketa guztietan integratzeari buruz Europar Batasunaren araudiak planteatzen dituen eskakizunei.

 

       Ildo horri jarraiki, honakoa da lege honen xede nagusia: orain arte berdintasun-politiken garapenerako egin den lanean sakontzeko oinarriak ezartzea, halako moldez non Euskal Autonomia Erkidegoa gai horretan aurreratuen dauden herrien mailan kokatu ahal izango baita. Hori guztia erdieste aldera, argi eduki behar da emakumeen eta gizonen berdintasuna, giza eskubidea ez ezik, beharrizan estrategikoa ere badela demokrazian sakontzeko eta euskal gizarte zuzenagoa, bilduagoa eta alor sozial eta ekonomikoan garatuagoa eraikitzeko.

 

III

 

       Atariko tituluan ezarritakoarekin bat, lege honen xede nagusia berdintasunezko gizartea lortzea da, non pertsona oro libre izango den, hala eremu publikoan nola pribatuan, bere gaitasun pertsonalak garatu eta erabakiak hartzeko, ohiko rolek sexuaren arabera ezartzen dituzten mugak izan gabe; gizarte bat non berdin aintzat hartu, baloratu eta bultzatuko diren emakumeek eta gizonek dituzten portaera, jomuga eta beharrizanak. Horretarako, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan herri-aginteen jarduna zuzendu behar duten printzipio orokorrak ezartzen ditu legeak, eta zenbait neurri ere arautzen ditu. Neurrion xedea da emakumeek eta gizonek bizitzaren arlo guztietan aukera eta tratu berdinak izan ditzaten bultzatzea eta bermatzea, eta, bereziki, emakumeen autonomia sustatzea, eta horiek, bereizkeria jasaten duten taldea direnez gero, gizarte, ekonomia zein politikan duten posizioa sendotzea.

 

       Titulu horretan jasotzen diren printzipio orokorren ondorio gisa, lege honetan bultzatzen den berdintasuna berdintasun zabala da; izan ere, berdintasun horrek, eskubideak, agintea eta baliabide eta onura sozial eta ekonomikoak eskuratzeko abiapuntu diren baldintzak ez ezik, horiek guztiak gauzatu eta behar den moduan kontrolatzeko baldintzak ere ukitzen ditu. Halaber, berdintasun horrek emakumeen eta gizonen aniztasuna errespetatzen du, eta horien berezitasunak integratzen ditu, gaur egun gizonen eredua ezarri eta orokortzeko zabaldu den joera zuzentze aldera. Horrenbestez, ondokoa da helburua: emakumeak eta gizonak, ezberdinak izaki ere, berdinak izatea. Horixe da, hain justu ere, legearen izenburuan "emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna" barik "emakumeen eta gizonen berdintasuna" jarri izanaren zioa. Horrela, itzuri egiten zaio emakumeen eta gizonen egoeren arteko konparazio hutsa egiteari, zeren egoerok besterik gabe erkatzeak sarri askotan hierarkia bat islatzen baitu berez; izan ere, hierarkia horren arabera, gizonen egoera da xedetzat hartzen dena, eta emakumeek horretara moldatu behar dute, beren balio, gurari eta jomugei uko eginez.

 

       Era berean, emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesteko gaur egun nazioartean egokientzat jotzen diren bi printzipio edo estrategia osagarriak zehazten dira atariko tituluan: ekintza positiboaren eta genero-ikuspegiaren integrazioa. Hain zuzen ere, lege honen asmoa da estrategia horiek gure herrian modu eraginkorrean aplikatzeko oinarriak ezartzea, estrategiok berdintasuna lortzeko bidetzat hartzen direlako. Halaber, titulu horretan legearen aplikazio-eremua ere ezartzen da. Aplikazio-eremua Euskadiko Autonomia Erkidegora mugatuta duen arren, legeak zera ere planteatzen du: beharrezkoa dela Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko beste instituzio eta erakunde batzuekin elkarlana eta lankidetza sustatzea, euskal herritar guztiei bermatu ahal izateko gizonen eta emakumeen berdintasuna.

 

IV

 

       Lehen tituluak definitzen ditu zein diren, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, administrazio-maila bakoitzak dituen eginkizunak, Autonomia Estatutuko 10.39 artikuluan, Lurralde Historikoen Legeko 6 eta 7 c) 2. artikuluetan, zein Estatutuan (9.2 artikulua) eta Erkidegoko arauetan (Europar Batasunaren Ituneko 3.2 artikulua) ezarritakoak dakartzan eskumenetatik abiatuta; izan ere, aipatutako lege eta arauek betebehar bi ezartzen dizkiete herri‑aginteei: bata, emakumeen eta gizonen berdintasuna benetakoa eta erreala izateko baldintzak bultzatu eta oztopoak eraistea, eta, bestea, berdintasuna sustatzea herri-aginteen politika eta ekintza guztietan. Halaber, erakundeen oinarri-oinarrizko erakunde‑antolamendua eta hori koordinatzeko mekanismoak zein izango diren ezartzen du, eta legean jasotako neurriak finantzatzeko irizpideak arautzen ditu.

 

V

 

       Bigarren tituluak neurri-multzo bat arautzen du, genero-ikuspegia euskal aginte eta herri-administrazioen jardunean integratzeko: plangintza egitea; estatistikak eta azterketak hobetzea; langileen gaikuntza; eta berdintasun-printzipioa administrazioaren araudian eta jardunean txertatzeko prozedura ezartzea. Neurriok, eta, horiez gain, emakumeek erabakiak hartzerakoan parte hartzea -III. tituluan dago jasota-, eta ekonomi baliabide nahikoak zein pertsona eta egitura egokiak eta koordinatuak ezartzea ere bai -I. tituluan dago jasota-, bada, genero-ikuspegia administrazioaren jardunean integratzeko aurretiazko beharkizuntzat edo beharrezko baldintza egokitzat jo ditu Europako Kontseiluak horiek guztiak, "Genero-zeharkakotasuna. Kontzeptu nagusiak, metodologia eta eginera egokien aurkezpena. Estrasburgo, 1998" izeneko txostenean.

 

VI

 

       Hirugarren tituluak, bestalde, Autonomia Estatutuak Erkidegoari hainbat gaitan esleitzen dizkion eskumenetan oinarrituta, zenbait neurri arautzen ditu emakumeen eta gizonen berdintasuna erreala eta benetakoa izan dadin esku-hartzeko arlo hauek oinarri direla: partaidetza soziopolitikoa; kultura eta komunikabideak; hezkuntza; lana; oinarrizko beste gizarte-eskubide batzuk; bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea; eta emakumeen aurkako indarkeria.

 

VII

 

       Laugarren tituluan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundea sortzen eta arautzen da. Erakunde hori organo berria eta independentea da, ondoko xedea duena: Euskal Autonomia Erkidegoan tratu berdinaren printzipioa betetzen den behatzea, eta sektore pribatuan sexuaren zioz gerta litezkeen balizko egoera edo eginera baztertzaileetatik herritarrak babestea. Horrenbestez, Arartekoa arlo honetan eta euskal sektore publikoan egiten ari den lana osatzen da, eta Europar Batasunak emakume eta gizonentzako tratu berdinaren printzipioaren defentsa sustatzen duten erakunde independenteak sortu beharrari buruz eman dituen aginduak betetzen dira; erakunde independente horien eginkizunak honako hauek izango lirateke: sexuaren ziozko bereizkeriarengatik jartzen diren erreklamazioak tramitatzerakoan biktima bakoitzari laguntza berezia ematea, horri buruz azterlan eta txosten independenteak egitea, eta bereizkeria horrekin loturik dagoen gai ororen gaineko gomendioak formulatzea.

 

VIII

 

       Azkenik, V. tituluak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egongo diren arau-hausteak eta zehapenak zein izango diren ezartzen du.

 

ATARIKO TITULUA

 

1. Artikulua - Xedea

 

       Lege honen xedea da emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan herri-aginteen jarduna zuzendu behar duten printzipio orokorrak ezartzea, bai eta zenbait neurri arautzea ere bizitzaren arlo guztietan emakumeek eta gizonek aukera eta tratu berdinak izan ditzaten sustatzeko eta bermatzeko, eta, bereziki, emakumeen autonomia bultzatzeko eta emakumeek gizartean, ekonomian zein politikan duten posizioa sendotzeko. Horrek guztiak azken finean bilatzen duena da berdintasunezko gizartea lortzea, non pertsona oro libre izango den bere gaitasun pertsonalak garatu eta erabakiak hartzeko, hala eremu publikoan nola pribatuan, ohiko rolek sexuaren arabera ezartzen dituzten mugak izan gabe; gizarte bat non berdin aintzat hartu, baloratu eta bultzatuko diren emakumeek eta gizonek dituzten portaera, jomuga eta beharrizanak.

 

2. Artikulua - Aplikazio-eremua

 

       1.    Lege hau euskal herri-administrazio guztiei aplikatuko zaie, testuan zehar ezarriko diren salbuespenak salbuespen.

 

       2.    Lege honen ondoreetarako, honako hau da euskal herri-administrazioa:

 

a)  Autonomia Erkidegoko Administrazioa, haren erakunde autonomoak eta haren menpean edo hari lotuta dauden ente publikoak.

b)  Foru-administrazioa, haren erakunde autonomoak eta haren menpean edo hari lotuta dauden ente publikoak.

c)                 Tokiko administrazioa, haren erakunde autonomoak eta haren menpean edo hari lotuta dauden ente publikoak.

 

       3.    Lege honetako 3. artikuluko eta 16, 18.4 eta 23. artikuluetako printzipio orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-aginte guztiei aplikatuko zaizkie. Erakunde pribatuei ere aplikatuko zaie, baldin eta Erkidegoko herri aginteetako batekin kontratuak edo lankidetza-hitzarmenak sinatzen badituzte, edo herri-aginte horiek emandako laguntzen edo diru-laguntzen onuradunak badira.

 

       4.    Halaber, lege hau Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetan eta sektore pribatuan ere aplikatu behar da, testu honetan zehar ezartzen denaren arabera.

 

3. Artikulua - Printzipio orokorrak

 

       Ondokoak dira emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan euskal herri-aginteen jarduketa gidatu eta bideratuko duten printzipio orokorrak: tratu berdina; aukera-berdintasuna; dibertsitatea eta ezberdintasuna errespetatzea; genero-ikuspegiaren integrazioa; ekintza positiboa; sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea, eta koordinazioa eta lankidetza.

 

       1.    Tratu berdina

 

       Debeku da pertsonen sexuan oinarritzen den bereizkeria oro, zuzenekoa zein zeharkakoa, edozein delarik ere hartarako erabilitako era.

 

       Lege honen ondoreetarako:

 

a)  Zuzeneko bereizkeria dago pertsona bat sexuaren zioz edo sexuarekin zuzenean loturik dauden inguruabarrak direla-eta -haurdun egonda edo ama izanda, esaterako- beste pertsona bat baino modu txarragoan tratatzen denean. Delitu gisa izan dezakeen tipifikazioa ahaztu gabe, laneko sexu-jazarpena sexuaren ziozko zuzeneko bereizkeriatzat jotzen da.

b)  Zeharkako bereizkeria dago egintza juridiko, irizpide edo eginera batek, itxuraz neutroa izanda ere, sexu bereko multzo aski handiago bati kalteak eragiten dizkionean, salbu eta egintza juridiko, irizpide edo eginera hori egokia eta beharrezkoa denean, eta sexuarekin loturik ez dauden irizpide objektiboak erabilita justifikatzeko modukoa denean.

c)                 Ez dira sexuaren ziozko bereizkeria kontsideratuko justifikazio objektiboa eta zentzuzkoa duten neurriak, emakumeei eta gizonei tratamendu ezberdina ematea badakarte ere. Neurri horien artean helburu hauek dituztenak sartu behar dira: emakumeentzako ekintza positiboa, sexuei arrazoi biologikoengatik babes berezia eman beharra, edo gizonek etxeko lanetan eta pertsonen zainketan parte har dezaten sustatzea.

 

       Euskal aginte publikoek ezin izango dute inolako diru-laguntza edo laguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duen edonolako jardueratarako. Sexuaren ziozko bereizkeria dela-eta administrazio-zehapena edo zigor penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoak ere egoera berean geratuko dira, dena delako zehapen edo zigorrak dirauen denboran.

 

       Euskal herri-aginteek bermatu behar dute ezen bereizkeria-egoerak eragin ditzaketen beste inguruabar batzuk ere tartean direla-eta bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeek nahiz emakume-taldeek benetan baliatzen dituztela beren oinarrizko eskubideak. Inguruabarrok honako hauek izan daitezke: arraza, kolorea, jatorri etnikoa, hizkuntza, erlijioa, politikari edo bestelako gaiei buruzko iritziak, gutxiengo nazional baten kide izatea, ondarea, jaioterria, ezintasuna, adina, sexu-joera, edo beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozial.

 

       2.    Aukera-berdintasuna

 

       Euskal herri-aginteek neurri egokiak hartu behar dituzte emakumeek eta gizonek eskubide politikoak, zibilak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak, eta arauetan aitortu lekizkiekeen gainerako oinarrizko eskubideak, aukera berdinekin baliatzen dituztela bermatzeko, boterea eta baliabide eta etekin ekonomikoak eta sozialak eskuratu eta kontrolatzea barne. Lege honen ondoreetarako, aukera-berdintasunaz ari garela, zera esan nahi da: agintea eta baliabide eta onura sozial eta ekonomikoak eskuratzeko abiagune edo hasierako baldintzak ez ezik, horiek guztiak gauzatzeko eta behar den moduan kontrolatzeko baldintzez ere ari garela.

 

       Era berean, euskal herri-aginteek bermatu egin beharko dute ez dela oztoporik egongo lege honetan aipatzen diren eskubideak gauzatzeko eta arautzen diren baliabideak eskuratzeko; izan ere, abenduaren 4ko 20/1997 Legean oztopo horiek bertan behera uztea zehazten baita (Irisgarritasuna Sustatzen du lege horrek).

 

       3.    Aniztasuna eta ezberdintasuna errespetatzea

 

       Herri-aginteek beharrezko diren neurri guztiak abiarazi behar dituzte sexuen berdintasunerako prozesuan errespetatu daitezen bai gizonen eta emakumeen artean biologiari, bizi-baldintzei, jomugei eta beharrizanei dagozkienez dauden ezberdintasunak eta aniztasuna, bai emakumeen eta gizonen kolektiboen euren barruan dauden ezberdintasunak eta aniztasuna ere.

 

       4.    Genero-ikuspegiaren integrazioa

 

       Euskal herri-aginteek genero-ikuspegia txertatu behar dute beren politika eta ekintza guztietan, halako moduz non horietan guztietan ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburu orokorra ezarriko duten.

 

       Lege honen ondoreetarako, honakoa da genero-ikuspegiaren integrazioa: emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan kontsideratzea, eta, horretarako, politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza-, egikaritze- eta ebaluazio-fase guztietan, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduketa zehatzak txertatzea.

 

       5.    Ekintza positiboa

 

       Emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorra lortzea sustatze aldera, herri-aginteek denboran ondo mugatutako berariazko neurri zehatzak abiarazi behar dituzte, bizitzaren eremu guztietan sexuaren zioz gertatzen diren egitatezko ezberdintasunak ezabatzeko edo murrizteko.

 

       6.    Sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea

 

       Euskal aginte publikoek, inola ere, sexuaren araberako rol sozial eta estereotipo batzuk desagerraraztea sustatu behar dute, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren oinarri baitira eta horien arabera emakumeei etxeko eremuaren ardura eta gizonei eremu publikoaren ardura izendatzen baitzaizkie, eta hori, gainera, balorazio eta aitorpen ekonomiko eta sozial oso ezberdina eginez.

 

       7.    Ordezkaritza orekatua

 

       Euskal aginte publikoek neurri egokiak hartu behar dituzte emakumeen eta gizonen presentzia orekatua lor dadin erabakiak hartzeko eremu guztietan.

 

       Lege honen ondoreetarako, pertsona anitzeko administrazio-organoetan ordezkaritza orekatutzat, hain zuzen, sexu biek %40ko ordezkaritza, gutxienez, dutenean joko da(3).

 

       8.    Lankidetza eta koordinazioa

 

       Euskal herri-aginteek, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez, elkarrekin lankidetzan aritzeko eta beren jarduketak koordinatzeko betebeharra dute, esku-hartze eraginkorragoak eta baliabideen erabilera arrazionalarekin bat datozenak egin ahal izan daitezen.

 

       Bestalde, elkarlana eta lankidetza sustatu behar dute Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko beste instituzio eta erakunde batzuekin, euskal herritar guztiei bermatu ahal izateko gizonen eta emakumeen berdintasuna.

 

I. TITULUA

ESKUMENAK, EGINKIZUNAK, ANTOLAKETA ETA FINANTZAKETA

 

I. KAPITULUA

ESKUMENAK ETA EGINKIZUNAK

 

4. Artikulua - Xedapen orokorrak

 

       1.    Euskal Autonomia Erkidegoko osorako erakundeei dagokie, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, bai legegintzako eskumena, bai arauak garatzeko eskumena, bai eta zuzeneko ekintza ere.

 

       2.    Lege honen ondoreetarako, honakoa da zuzeneko ekintza: interes orokorra dela-eta edo baldintza tekniko, ekonomiko edo sozial bereziak direla-eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan modu bateratuan bete behar diren eginkizunak, programak edo zerbitzuak eskaintzeko eskumena.

 

       3.    Euskal Autonomia Erkidegoko osorako erakundeek zuzeneko ekintzak abiarazi baditzakete ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko arauak betearaztea lurralde historikoetako foru-organoei eta tokiko administrazioari dagokie, lege honetan eta hura garatzeko araudian ezarritakoarekin bat.

 

5. Artikulua - Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eginkizunak

 

       Osorako erakundeek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan duten eskumena, Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagokionez, ondoko eginkizunetan gauzatuko da:

 

a)  Azpiegiturak, programak eta prozedurak egokitu eta sortzea, bere administrazio-jardueran genero-ikuspegia integratze aldera.

b)  Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko plangintza orokorra taxutzea, eta arau eta jarraibide orokorrak egitea.

c)  Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan modu bateratuan egin behar diren ekintza positiboko neurriak, programa eta zerbitzuak diseinatzea eta egikaritzea.

d)  Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan egiten diren berdintasun-politikak aztertzea eta lege hau zein neurritan betetzen den ebaluatzea.

e)  Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, euskal herri-administrazio guztien jarduketen arteko lankidetza bultzatzea.

f)   Emakumeen eta gizonen berdintasunean eskudunak diren entitate, organo eta unitateetako langileen eginkizunei eta gaikuntzari dagokienez, oinarrizkoak eta komunak diren neurriak ezartzea.

g)  Estatistikak berdintasun-printzipioari egokitzeko metodologia diseinatzea eta horri buruzko plangintza egitea, bai eta estatistikak egokitu eta eguneratzea ere, horien bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak esku hartzen duen eremu guztietan emakumeek eta gizonek bizi duten egoeraren ezberdintasunak ezagutu ahal izateko.

h)  Emakumeen eta gizonen egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea, azterlan eta ikerketok Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan eta Euskal Herriaren lurralde osoan modu bateratuan egin beharrekoak direnean.

i)   Emakumeen eta gizonen ezberdintasun-egoerari buruz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriei buruz sentsibilizazio-jarduerak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan eta Euskal Herriaren lurralde osoan modu bateratuan egin beharrekoak direnean.

j)   Autonomia Erkidegoko araudia nolakoa den eta nola aplikatzen den begiratzea, emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren arabera.

k)  Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, toki-entitateei, gainerako euskal herri-aginteei eta ekimen pribatuari laguntza tekniko espezializatua ematea.

l)   Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan zerbitzuak eman nahi dituzten entitateak homologatzerakoan erabili beharko diren oinarrizko betekizun eta baldintza orokorrak ezartzea.

m) Sustapen-neurriak ezartzea, enpresek eta erakundeek bitarteko materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak izan ditzaten, emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesteko diseinatutako planak, programak eta jarduerak garatu ahal izateko.

n)  Bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeek oinarrizko gizarte-eskubideetarako sarbidea izan dezaten programa edo zerbitzuak ematea, zerbitzuon izaera dela-eta Erkidego osorako modu bateratuan eman beharrekoak direnean.

ñ)  Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzen laguntzea helburu duten baliabide eta zerbitzu soziokomunitarioak ezartzea, beren izaera dela-eta Erkidego osorako modu bateratuan eskaini beharrekoak direnean.

o)  Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Herri enparauko elkarte, ekimen pribatu eta erakundeekin, eta orobat beste autonomia-erkidego batzuetako, Estatuko eta nazioarteko elkarte, ekimen pribatu eta erakundeekin ere, harremanak finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea.

p)  Sexuaren ziozko bereizkeria-egoerak ikertu eta antzematea, eta egoera horiek errotik kentzeko neurriak hartzea.

q)  Zehatzeko ahala egikaritzea.

r)   Lege honetan jasotako beste edozein eginkizun, edo bere eskumen-arloaren baitan esleitzen zaion beste edozein.

 

6. Artikulua - Foru-administrazioen eginkizunak

 

       Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, bakoitzak bere lurralde historikoaren eremuan diharduela, ondokoak dira foru-administrazioei dagozkien eginkizunak:

 

a)  Azpiegiturak, programak eta prozedurak egokitu eta sortzea, bere administrazio-jardueran genero-ikuspegia integratze aldera.

b)  Bakoitzak bere lurralde-eremuan ekintza positiboko neurriak egikaritzea.

c)  Bakoitzak bere lurralde-eremuan programak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzaren plangintza orokorraren esparruaren barruan.

d)  Estatistikak egokitu eta eguneratzea, horien bitartez foru-eskumenekoak diren eremu guztietan emakumeek eta gizonek bizi dituzten ezberdintasun-egoerak ezagutu ahal izateko.

e)  Bakoitzak bere lurralde-eremuan, emakume eta gizonen egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea.

f)   Bakoitzak bere lurralde-eremuan, emakumeen eta gizonen ezberdintasun-egoerari buruz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriei buruz sentsibilizazio-jarduerak burutzea.

g)  Foru-legeria nolakoa den eta nola aplikatzen den begiratzea, emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren arabera.

h)  Sustapen-neurriak ezartzea, udalek eta gainerako toki-entitateek bitarteko materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak izan ditzaten, emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesteko diseinatutako programak eta jarduerak garatu ahal izateko.

i)   Bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeek oinarrizko gizarte-eskubideetarako sarbidea izan dezaten programa edo zerbitzuak ematea, zerbitzuon izaera dela-eta udalez gainetik eman beharrekoak direnean.

j)   Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzen laguntzeko helburua duten baliabide eta zerbitzu soziokomunitarioak ezartzea, beren izaera dela-eta udalez gainetik eman beharrekoak direnean.

k)  Erakunde publiko zein pribatuekin harremanak finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea, baldin eta erakundeon xedeek edo eginkizunek lurralde-eremuan emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesten laguntzen badute.

l)   Bakoitzaren lurralde-eremuan sexuaren zioz gertatzen diren bereizkeria-egoerak antzematea, eta egoera horiek errotik kentzeko neurriak hartzea.

m) Bakoitzari bere eskumenen eremuan agindu dakiokeen beste edozein eginkizun betetzea.

 

7. Artikulua - Tokiko administrazioaren eginkizunak

 

       1.    Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dagokie, bai banaka, bai partaide diren udal-mankomunitateen bidez edo lege honetako xedeetarako eratzen dituzten mankomunitateen bidez, ondoko eginkizunak betetzea:

 

a)  Azpiegiturak, programak eta prozedurak egokitu eta sortzea, genero-ikuspegia beren administrazioan integratze aldera.

b)  Toki-eremuan ekintza positiboko neurriak egikaritzea.

c)                 Toki-eremuan programak egitea, Jaurlaritzaren plangintza orokorraren esparruaren barruan eta foru-aldundiek egiten dituzten programen esparruaren barruan.

d)  Estatistikak egokitu eta eguneratzea, horien bitartez toki-erakundeen eskumenekoak diren eremu guztietan emakumeek eta gizonek bizi dituzten ezberdintasun-egoerak ezagutu ahal izateko.

e)  Toki-eremuan, emakume eta gizonen egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea.

f)   Toki-eremuan, emakumeen eta gizonen ezberdintasun-egoerari buruz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriei buruz sentsibilizazio-jarduerak egitea.

g)  Toki-araudia nolakoa den eta nola aplikatzen den begiratzea, emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren arabera.

h)  Herritarrei, eta batez ere emakumeei, informazioa eta orientabidea ematea emakumeen eta gizonen berdintasunarekin zerikusia duten baliabideei eta programei buruz, bai eta bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeei oinarrizko gizarte-eskubideetarako sarbidea bermatzeko zuzendurik dauden programa eta zerbitzuei buruz ere.

i)   Bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeek oinarrizko gizarte-eskubideetarako sarbidea izan dezaten programak osatzea edo zerbitzuak ematea, zerbitzuon izaera dela-eta udal mailan eman beharrekoak direnean.

j)   Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea helburu duten baliabide eta zerbitzu soziokomunitarioak ezartzea, beren izaera dela-eta udal-mailan eskaini beharrekoak direnean.

k)                 Erakunde publiko zein pribatuekin harremanak finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea, baldin eta erakundeon xedeek edo eginkizunek toki-eremuan emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesten laguntzen badute.

l)   Toki-eremuan sexuaren zioz gertatzen diren bereizkeria-egoerak antzematea, eta egoera horiek errotik kentzeko neurriak hartzea.

m) Bakoitzari bere eskumenen eremuan agindu dakiokeen beste edozein eginkizun betetzea.

 

       2.    Toki-administrazioek aurreko paragrafoan aipatzen diren eginkizunak benetan bete ditzaten laguntzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak lankidetza teknikoa eskainiko die, eta foru-administrazioek ere beharrezkoak diren sustapen-neurriak hartuko dituzte.

 

8. Artikulua - Erakundeak homologatzea

 

       1.    Beharrezkoa denean euskal herri-administrazioek ekimen pribatuarekin hitzarmenak egitea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan zerbitzuak eskaintzeko, kasuan kasuko herri-administrazioak homologatu behar ditu zerbitzu horiek eskainiko dituzten aholkularitza-enpresak eta -erakundeak, hitzarmenak izenpetu aurretik.

 

       2.    Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz ezarriko ditu emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan zerbitzuak eman nahi dituzten entitate pribatuak homologatzerakoan erabili beharko diren gutxieneko oinarrizko betekizunak eta baldintza orokorrak; dena den, zerbitzuaren kalitatea eta eraginkortasuna kontuan duten irizpideak erabiliko dira.

 

II. KAPITULUA

EUSKAL HERRI ADMINISTRAZIOEN ARTEKO ERAKUNDE ANTOLAKETA ETA KOORDINAZIOA

 

1. ATALA

BERDINTASUNERAKO ERAKUNDEAK

 

9. Artikulua - Autonomia Erkidegoko Administrazioa

 

       Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea da Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatu, taxutu, ebaluatu eta horiei buruzko aholkuak emateko ardura duena, eta erakunde hori sortu duen legean ezarritakoa da bere araubide juridikoa.

 

10. Artikulua - Foru- eta toki-administrazioak

 

1.    Foru- eta toki-administrazioek, bakoitzak bere burua antolatzeko dituen eskumenen eremuan, beren egiturak egokitu behar dituzte, halako moduz non administrazio bakoitzak emakumeen eta gizonen berdintasun-politikak bultzatu, programatu, ebaluatu eta horiei buruzko aholkuak ematen jardungo duen erakunde, organo edo administrazio-unitate bat izango baitu, gutxienez, dagokion jarduera-eremuan.

 

       2.    Erakunde, organo edo administrazio-unitate horiek, bakoitzak bere lurralde-eremuan, gutxienez ondoko eginkizunak beteko dituzte:

 

a)  Berdintasunaren alorrean programak eta plangintzak diseinatzea, bai eta horiei dagozkien jarraipen- eta ebaluazio-mekanismoak ere.

b)  Ekintza positiboko berariazko neurriak diseinatu eta sustatzea.

c)                 Bakoitzak bere administrazioaren politika, programa eta ekintza guztietan genero-ikuspegia txertatzeko sustapen-lana bultzatzea, maila guztietan eta fase guztietan.

d)  Bakoitzak bere administrazioko sailei eta beren mendean dauden gainerako erakunde eta organoei emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz aholkularitza ematea eta lankidetzan aritzea.

e)  Bakoitzari dagokion lurralde-eremuan bizi diren herritarrentzat sentsibilizazio-jarduerak egitea emakumeen eta gizonen ezberdintasun-egoeraz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriez, bereizkeria anitzeko egoerak aintzat hartuta.

f)   Bakoitzak bere administrazioan berariazko programak edo zerbitzuak egokitzeko eta sortzeko proposamenak eta sustapen-lana egitea, bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeek oinarrizko gizarte-eskubideak izango dituztela bermatzeko.

g)  Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzen laguntzeko gizarte-baliabide eta zerbitzuak sortu eta egokitu daitezen proposamenak eta sustapen-lana egitea.

h)  Bakoitzaren lurralde-eremuan gertatzen diren bereizkeria-egoerak antzematea, eta egoera horiek errotik kentzeko neurriak diseinatzea eta sustatzea.

i)   Erakunde publiko zein pribatuekin harremanak finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea, baldin eta erakundeon xedeek edo eginkizunek emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesten laguntzen badute.

j)   Bakoitzaren administrazioari atxikitako langileek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan dituzten prestakuntza-beharrizanak diagnostikatzea, eta kasu bakoitzean behar den prestakuntza-mota eta prestakuntza hori jasotzeko irizpideak eta lehentasunak proposatzea.

k)                 Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskumenak dituzten erakunde, organo eta unitateekin, eta, bereziki, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin, solaskidetza izatea.

l)   Lege honetan jasotzen den edo beren eskumen-eremuan agindu dakizkiekeen beste edozein eginkizun burutzea.

 

2. ATALA

BERDINTASUNERAKO UNITATEAK

 

11. Artikulua - Emakumeen eta gizonen berdintasunerako unitateak(6)

 

       1.    Autonomia Erkidegoko Administrazioak bere egiturak egokitu beharko ditu, eta horren bidez, Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzean administrazio-unitate bat egongo da, eginkizun hauek betetzeko: saileko zuzendaritza eta arloak eta horri atxikitako erakunde autonomo, ente publiko eta organoak sustatzea, koordinatzea eta horiekin elkarlanean aritzea, horrela lege honetan eta Eusko Jaurlaritzak onetsitako berdintasun-planean xedatutakoa betetzeko. Unitateok posizio organiko eta harreman funtzional egokia izan behar dute, bai eta beren helburuak bete ahal izateko aurrekontu-zuzkidura nahikoa ere.

 

       2.    Erregelamenduz zehaztuko dira aurreko paragrafoan aipatutako administrazio-unitateen gutxieneko eginkizunak.

 

       3.    Erregelamenduz zehaztuko dira, era berean, zein erakunde autonomok eta gainerako zein ente publikok izan behar dituzten lege honetan eta 15. artikuluko 1. paragrafoan zehaztutako berdintasun-planean jasotzen diren neurriak bultzatzeko eta koordinatzeko unitateak. Bestela, saileko unitateek berek hartuko dituzte eginkizunok, bai eta erakunde autonomoei eta sailari atxikitako gainerako enteei dagokienez ere.

 

3. ATALA

KOORDINAZIO-ORGANOAK

 

12. Artikulua - Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea

 

       1.    Honen bidez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea sortu da; Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta foru-eta toki-administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan garatzen dituzten politikak eta programak koordinatzea izango da organo horren eginkizuna. Emakunderen zuzendaria izango da batzordearen burua.

 

       2.    Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxiki zaio.

 

       3.    Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordearen osaera, eginkizunak, antolaketa eta funtzionamendu-araubidea erregelamenduz ezartzen direnak izango dira. Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek ordezkari-kopuru bera izango dute batzordean.

 

13. Artikulua - Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sail arteko Batzordea(4)

 

       1.    Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sail arteko Batzordea Eusko Jaurlaritzak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan burutzen dituen jarduketak koordinatzeko organoa da; batzordea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxikiko zaio.

 

       2.    Batzordearen eginkizunak, osaera, antolaketa eta funtzionamendu-araubidea erregelamenduz ezartzen direnak izango dira.

 

III. KAPITULUA

FINANTZAKETA

 

14. Artikulua - Xedapen orokorra

 

       Administrazio autonomiko, foral eta lokalek, urtero, lege honetan jasotzen diren eginkizunak betetzeko eta neurriak egikaritzeko behar dituzten ekonomia-baliabideak izendatuko eta zehaztuko dituzte bakoitzaren aurrekontuetan.

 

II. TITULUA

EUSKAL HERRI ADMINISTRAZIOEN ETA AGINTEEN JARDUKETAN GENERO IKUSPEGIA INTEGRATZEKO NEURRIAK

 

I. KAPITULUA

PLANGINTZA

 

15. Artikulua - Emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak

 

       1.    Legegintzaldi bakoitzean, Eusko Jaurlaritzak plan orokor bat onetsi behar du. Plan horretan, hain zuzen, euskal herri-aginteek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan izango dituzten jarduerak orientatzeko jarraibideak eta gidalerroak modu koordinatu eta orokorrean jasoko dira. Plan hori egiteko orduan, euskal herri-administrazio enparauei parte hartzeko aukera eman behar die Eusko Jaurlaritzak.

 

       2.    Aurreko paragrafoan aipatutako plan orokorraren jarraibideak eta gidalerroak garatzeari dagokionez, Jaurlaritzaren sail bakoitzak bere planak edo jarduketa-programak egingo ditu.

 

       3.    Foru-aldundiek eta udalek berdintasunerako planak eta programak onetsiko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren plangintza orokorrean ezartzen diren jarraibide eta gidalerroekin bat; halaber, eta horretarako beharrezkoak diren baliabide materialekin eta ekonomi eta giza baliabideak eskainita, beren sail, erakunde autonomo eta menpean edo lotuta dituzten gainerako ente publikoetan aipatutako planek eta lege honek jasotzen dituzten neurriak benetan eta modu koordinatuan betetzen direla bermatuko dute. Udalek banaka zein kide diren edo ondore horietarako osa ditzaketen mankomunitateen bidez egin ditzakete jarduketa horiek. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren laguntza teknikoa eta dagokion foru-aldundiaren laguntza ekonomikoa izango dituzte, batez ere ahalmen ekonomiko eta kudeaketa-ahalmen txikia dutenek.

 

       4.    Aurreko bi paragrafoetan aipatutako planak eta programak onetsi aurretik, horiei buruzko txostena eman behar du Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, zehazteko, hain zuzen, plan eta programon edukiak bat datozen legegintzaldi bakoitzaren hasieran Eusko Jaurlaritzak, 1. paragrafoan xedatutakoari jarraiki, onetsi behar dituen jarraibideekin eta gidalerroekin.

 

II. KAPITULUA

ESTATISTIKAK ETA AZTERLANAK

 

16. Artikulua - Estatistiken eta azterlanen egokitzapena