Gu ezagutzeko.Egoitza
Arte-galeria
Hogei urtean zehar, Eusko Legebiltzarrak zenbait artelan erosi ditu bere egoitza nagusia apaintzeko eta Erkidegoaren arte-ondarea aberasteko.
Artelan ikusgarrienetako bat solairuarteetako batean jarrita dagoen mahai bat da, Bizkaiko Bolibar herriko Simon Bolibarren Jauregi-etxetik ekarria.
Nabarmentzeko beste artelan bat Aurelio Artetaren "Erromeria ikurriñarekin" izeneko margolana dugu, 1937an egina eta Eusko Legebiltzarrak 1995ean erosia. Lan horretan hogeitamarreko urteetako erromeria tipikoa azaltzen da, non pertsonaia nagusia eskuetan ikurrin bat duen gazte bat den, euskal margolaritzan oso gutxitan agertzen den xehetasuna.
Legebiltzar-etxeko txoko berezienetako bat "Lehendakarien galeria" da. Hirugarren solairuan dago eta bertan VI. legealdia arte Legebiltzarreko lehendakari izan diren politikarien erretratuak daude ikusgai. Hauek hain zuzen ere: Juan José Pujana (1980-1986) eta Jesús María Eguiguren (1986-1990) legebiltzarburu ohienak, Javier Ortiz de Guinea margolari arabarrak eginak, eta Joseba Andoni Leizaolarena (1990-1998), Alvarez Emparanza donostiarrak margotua eta Juan María Atutxa (1998-2005).
Ekarritako azken artelana, 2001ean erosia, EUSKADI izeneko puzzle topografiko ikusgarri bat izan da, Jesús Mari Lazkanok margotua, non gutako bakoitzak ezagun egiten zaigun paisaia bat ikusten dugun. Espazio arkitektonikoan integraturik, agintarien palkoko atea iragatera gonbidatzen gaitu, handik jarraitzen baitituzte erakundeetako agintari gorenek Legebiltzarreko eztabaidak.
Lehendakariaren bulegoaren ondoan arrera-ekitaldietako aretoa dago, non XVI. mendeko bi tapiz flandiar eder dauden, Troiako Gerrako irudiak erakusten dituztenak. Sei tapizeko bilduma batetik, bi ditu bere esku Eusko Legebiltzarrak: "Greziarrak Troian lehorreratzen" eta "Akiles Hektor hiltzen".
Areto horretan bertan bada beste margolan txiki bat, Arabako Foru Aldundiak utzia. "Bigarren Hezkuntzako Institutua, 1861" du izena, Eusko Legebiltzarraren egungo egoitza alegia, eta Juan Ángel Sáez da egilea.
Eusko Legebiltzarraren jabetzako arte-bilduman bada beste lan aipagarri bat ere, Remigio Mendibururen "Argi Kabia" eskultura ikusgarria hain zuzen. Haritz eta pagoz egina da eta prentsaurrekoak egiten diren aretoan dago jarrita. Eskultura hori 1990eko martxoaren 31n jarri zen Legebiltzarraren egoitzan, Biltzarraren X. urteurrena ospatzeko.
© Eusko Legebiltzarra - Parlamento Vasco. Lege-eremua
Becerro de Bengoa 01005 Vitoria - Gasteiz
Tel.: 945 00 40 00 - Fax: 945 13 54 06
Web master







