Gu ezagutzeko.Autonomi Estatutua
I. BURUA - EUSKAL HERRIARI DAGOZKION KONPETENZIAK
10. artikulua
Euskal Herriko Komunitate Autonomoak ondoko gaiei dagozkienean konpetentzia exklusiboa du:
- Udak barrutien mugaketak, Estatuto honen 37. artikuluan erabakitzen denaren arauera, herrialde Historikoei dagozkien ahalmenei kalterik egiteke.
- Autogobernatzeko erakundeen antolamendu, erregimen eta funtzionamendua, beti ere Estatuto honen arauen barruan.
- Euskal Biltzarrea, Junta Nagusiak eta Diputazio Foralekin zerikusirik duten hauteskundeetarako barne-legegintza, Estatuto honetan seinalatzen denari jarraituz eta 37. artikuluan erabakitzen denaren arauera, Herrialde Historikoei dagozkien ahalmenei kalte egiteke.
- Erregimen lokala eta Euskadiko eta bertako Administrazio Lokaleko funtzionarien Estatutoa, Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan jartzen denari kalterik egiteke.
- Euskal Herria osatzen duten Herrialde Historikoen Zuzenbide Zibil Foral eta berezi -idatzi nahiz ohizkoaren- kontserbazio, aldatze eta bilakaera, bai eta beraren indarraren lurralde-barrutiaren finkapena ere.
- Euskal Herriko Zuzenbide sustantiboaren berezitasunetik eta beronen antolamendutik datozen arau prozesalak eta prozedura administratibo eta ekonomiko-administratiboak.
- Ondasun publikoak eta ondarezkoak, beraruen titulartasuna Komunitate Autonomoari dagokionean, bai eta beraren konpetentzi-gaien zerbitzalgo publikoak ere.
- Mendi-basoak, oihanen erabilera eta zerbitzuak, abelbideak eta bazka-larreak, Konstituzioaren 149.1.23 artikuluari kalterik egiteke.
- Nekazaritza eta abelazkuntza, ekonomiaren antolaketa orokorraren arauera.
- Barne-uretako arrantza, itsaski-bilketa eta arrain hazkuntza, ehiza eta ibai-aintziretako arrantza.
- Ur erabilerak, kanale eta ureztaketak, urak osoki Euskadin kurri daitezenean, energi produkzioa, banaketa eta garraiatzeko instalakuntzak, garraioa euskal lurraldetik kanpora irteten ez denean eta beraien erabilera beste probintzia edo Komunitate Autonomoari kalterik egiten ez dionean: metalurak, urberoak eta lurpekoak. Hori guztiori Konstituzioaren 149.1.25 artikuluari kalte egiteke.
- Laguntza soziala.
- Irakaskuntzari, kulturari, arte, ongintza, ardura sozialari eta antzekoei laguntzeko diren Fundazio eta Elkarteak berauek beren funtzioak ia erabat Euskal Herrian betetzen dituztenean.
- Adinera heldugabeen babes eta tutoregorako, gartzelatzeko eta gizartean berrintegratzeko erakunde eta etxeen antolaketa, erregimena eta funtzionamendua, gai zibil, gaztigu eta gartzelazkoez legegintza orokorrak dioenaren arauera.
- Farmazi antolaketa Konstituzioaren 149.1.16 artikuluaren erabakiaren arauera, bai eta higienea ere, Estatuto honen 18. artikuluan jarria kontutan harturik.
- Zientzien eta tekniken ikerpena, Estatuarekin koordinatuki.
- Kultura, Konstituzioaren 149.2 artikuluan erabakiari kalterik egiteke.
- Arte Ederrak irakasteko eta berauek bultzatzeko daudekeen Erakundeak. Eskulangintza.
- Kultur, histori, arte, monumentu, arkeologi eta zientzi ondareak, exportazio eta expoliazioaren kontra, esandako ondare horien alde Estatuak ezarriko dituen arauak eta beharkiak Komunitate Autonomoak bere gain hartuko dituelarik.
- Artxiboak, Bibliotekak eta Museoak, Estatuak berorien titulartasunik ez duenean.
- Nekazal eta Jabeko Ganbarak, Arrantzaleen Kofradiak, Merkatalgo, Industri eta Nabigazio Ganbarak, atzerriarekiko merkatalgoan Estatuaren konpetentziari kalterik egiteke.
- Kolegio Profesional eta profesio tituludunen betearaztea, Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan erabakiari kalterik egiteke. Estatuaren legeen arauera notariak izendatzea.
- Kooperatibak, Seguru Sozialean sartu gabe dauden Mutualitate eta Posituak, beti ere Merkatal legegintza orokorrak dioenaren arauera.
- Euskadiko sektore publiko propioa, Estatuto honetako beste arau batzuk hura ukitzen ez duten neurrian.
- Ekonomiaren bultzapen eta aurrerabidea eta Euskal Herriko ekintza ekonomikoaren plangintza, ekonomiaren antolaketa orokorraren arauera.
- Kredito gorporatibo, publiko eta lurraldezkorako Erakundeak, eta Aurrezki Kutxak, Estatuak kredito eta bankaren ordenamenduaz ezarriko dituen oinarriak eta monetar politika orokorraren barrutia errespetatuz.
- Barne merkatalgoa, prezioen politika orokorraren, Estatu barruan ondasunen joanetorri librearen eta konkurrentziaren aldeko legegintzari kalterik egiteke. Feriak eta barneko merkatuak. Jatorrizko izena eta iragarbidea Estatuarekin koordinatuki.
- Kontsumitzaile eta erabiltzailearen defentsa, goiko apartatuan mugatzen den bezala.
- Merkatalgo Burtsa eta gainerantzeko merkantziak eta baloreak kontratatzeko zentroak antolatu eta erregulatzea, merkatal legeen arauera.
- Industria, segurtasun, garrantzi militar eta osasun arrazoiengatik eta lege berezipean diratekeen industrien ezarkuntza, zabalpen eta lekualdatzea izan ezik, ez eta funtzio hauetarako legegintza espezifikoa behar duten guztiak ere, eta atzerritar teknologiaren transferentzia egiteko aldez aurretiko kontratoak behar dituztenak ere ez. Industri sektoreen berrestrukturaketan Estatuak ezarriko dituen planak aurrera eraman eta betetzea Euskal Herriari dagokio.
- Lurralde, kosta, hirigintza eta etxebizitzen antolaketa.
- Trenbideak, lehor, itsaso, ibai eta kablezko garraioak, portuak, heliportuak, aireportuak eta Euskal Herriko Meteorologi Zerbitzua, Konstituzioaren 149.1.20 artikuluaren erabakiari kalterik egiteke. Kontratatzeko zentroak eta garraio arazoei dagokienez kargarako bukalekuak ere bai.
- Interes orokorraren legezko kalifikapenik ez duten Lan Publikoak, edo eta berauen betetzeak beste lurralderik ukituko ez dutenak.
- Kamio-bideei dagozkienetan, Konstituzioaren 148. artikuluaren 1 zenbakiaren 5. apartatuan bildurik dauden konpetentziez gainera, Herrialde Historikoetako Diputazio Foralek osorik gordeko dituzte beren baitan dituzten erregimen juridiko eta konpetentziak, edo eta, hala nahi izanez gero, Estatutuaren 3. artikuluaren arauera berrartuko dituztenak.
- Kasino, joko eta apustuak Apuestas Mutuas Deportivas Benéficas deritzenak izan ezik.
- Turismo eta Kirolak. Aisia eta Atsedena.
- Euskal Herriko Estatistika, beraren helburu eta konpetentzietarako.
- Ikusgarriak.
- Komunitatearen aurrerabidea. Emakume kondizioaren arazoa. Haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politika.
11. artikulua
- Euskadiko Komunitate Autonomoaren konpetentziapekoa da, beraren barrutian,
Estatuaren oinarrizko legegintzaren aurrerabide legislatiboa eta beronen betearaztea, ondoko gaiotan:
- Ingurugiroa eta ekologia.
- Ezinbesteko desjabetzea, kontratu eta kontzesio administratiboak, guztiok berari dagozkion konpetentzietan, eta Euskal Herriko Administrazioaren erantzukizun-sistema.
- Euskal Herriko arrantza-sektorearen antolaketa.
- Euskadiko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, halaber, beraren barrutian, ondoko gaion oinarrien aurrerabide legislatiboa eta beronen betearaztea, beti ere beroriek seinalatzen dituzten mugen arauera:
- Kredito, banka eta aseguroen antolaketa.
- Oinarrizko baliabideak eta beharrenezko zerbitzuak sektore publikoari erreserbatzea, monopoliozkoak direnean bereziki, bai eta gehiengoaren interesak hala eskatzen duenean enpresetan eskua izatea ere.
- Meatze eta energiarekiko erregimena. Baliabide geotermikoak.
12. artikulua
Euskal Herriko Komunitate Autonomoari ondoko gaietan Estatuaren legegintzaren betearaztea dagokio:
- Gartzelei buruzko legegintza.
- Lanari buruzko legegintza, lan harremanei dagozkienetan Estatuak gaur egun dituen ahalmen eta konpetentziak bere gain hartuz, bai eta, Estatuaren goi inspekzioarekin batera, lanari buruzko legeak betearazteko haren zerbitzuak eratu, zuzendu eta babesteko ahalmena ere, langileen kualifikazioa eta hezkuntza osoa bultza daitezen lan-baldintzak gizartearen aurrerabide eta aitzinamenduari egokitzen saiatuz.
- Jabegoaren Erregistratzaileen, Ganbio eta Burtsako Agenteen eta Merkatal Korredoreen izendapena. Eta hala behar balitz, berauei dagozkien mugen finkaketan esku izatea.
- Jabego intelektual eta industriazkoa.
- Pisuak eta neurriak; metalen kontrastea.
- Euskal Herrian egingo diren nazioarteko feriak.
- Komunitate Autonomoaren lurralde barrutiko Estatuaren sektore publikoa, hura egoki zaizkion kasu eta egitekoetan eskuhartzaile izanik.
- Gehiengoaren interesekotzat jotako portu eta aireportuak, Estatuak berorien zuzenkako gestioa beretzat erreserbatzen ez duenean.
- Merkantzia eta bidaztien garraioaren ordenamendua, hasiera eta amaia Komunitate Autonomoaren lurralde barrutian denean, garraio hori Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. apartatuaren 21. zenbakiak dioenez, titulartasun estatalaren azpiegituraren bidezkoa izan arren, Estatuak bere gain hartuko duen zuzenkako betearazteari kalterik egiteke.
- Itsas salbamendua eta Euskal kostari dagozkion Estatuaren uretan industri isuri eta gai kutsakorren arazoa.
13. artikulua
- Justizi Administrazioari dagokionez, justizia militarra alde batera utzirik, Euskadiko Komunitate Autonomoaren esku egongo dira, bere barrutian, Justizi Boterearen eta Justizi Boterearen Kontseilu Nagusiaren Lege Organikoek Gobernuari ezagutu, erreserbatu edo gainjartzen dizkioten ahalmenak.
- Lege orokorren arauera, Estatuari ez besteri dagokio, osorik, barkatzeko eskubidea eta Ministraritza Fiskalaren antolaketa eta funtzionamendua.
14. artikulua
- Euskal Herriko jurisdikzio organoen konpetentzia ondoko hauetara hedatzen da:
- Zibil mailan instantzia eta gradu guztietara, Euskadiko Zuzenbide Zibil Foralaren gaietan kasazio eta berrikusketazko errekurtsoak barne direlarik.
- Gaztigatzeko eta sozial mailan, instantzia eta gradu guztietara, kasazio eta berrikusketazko errekurtsoak izan ezik.
- Kontentzioso-administratibo mailan eta Komunitate Autonomoak legegintza exklusiboa dueneko gaietan instantzia eta gradu guztietara, beraiek Euskal Herriko Administrazioak diktaturikoak izanez gero, eta lehen instantzian, aldiz, Estatuko Administrazioak diktaturikoak baldin badira.
- Euskal Herriko organo judizialen arteko konpetentzi arazoetara.
- Jabegoaren Erregistroetan sarrera eduki behar duten Euskal Zuzenbide bereziaren dokumentuen kalifikapenari buruzko errekurtsoetara.
- Beste gainerantzeko gaietan, Auzitegi Gorenean legeen arauerako errekurtsoak sar daitezke. Auzitegi Gorenak, gainera, Euskadiko organo judizialen eta Estatuko besteen arteko arazoak ere erabakiko ditu.
15. artikulua
Euskal Herriari dagokio, Parlamentuak emandako legeaz, eta Konstituzioaren 54. artikuluan ezartzen den erakundeari dagokionez, antzeko organo bat sortu eta eratzea, berorren bidez harekin koordinatuz aipaturiko artikuluan diren funtzioak eta Euskal Biltzarreak gomenda diezazkiokeen beste edonolakoak ere bete ditzan.
16. artikulua
Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke.
17. artikulua
- Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian aurrikusten denez, erregimen forala gaurkotzeko prozesuaren bitartez, Euskadiko Erakundeei, Estatutu honetan zehazten den moduan, zera dagokie, pertsonak eta ondasunak babesteko eta lurralde autonomoaren barruan Ordenu Publikoa gordetzeko Polizia Autonomoaren erregimena, Estatuaren Segurtasun-Indarren eta Gorputzen eskuetan, komunitatez kanpotik edo gainetik gertatuko diren polizi zerbitzuak geratzen direlarik, hala nola portuak, aireportuak, kostak, mugak eta aduanak zaintzea, lurralde nazionalean sar-irteten diren espainol zein atzerritarren kontrola, erbestetasun, extradizio eta expultsioaren erregimen orokorra, emigrazio eta inmigrazio, pasaporteak, nortasun-dokumentu nazionala, harma eta lehergailuak, Estatuaren agiri fiskala, kontrabandoa eta Estatuari egindako iruzur fiskala.
- Euskal Polizia Autonomoaren Aginte Gorena Euskadiko Gobernuari dagokio, Diputazio Foralek eta Gorporazio Lokalek izan ditzaketen eskubideei kalterik egiteke.
- Polizia Judiziala eta funtzio hauek beteko dituzten gorputzak, Justizi Administrazioaren zerbitzurako eta beronen begipean eratuko dira, beti ere lege prozesaletan datozen neurrien arauera.
- Polizia Autonomo eta Estatuaren Gorputz eta Segurtasun-Indarren koordinaketarako, Segurtasunerako Batzarrea eratuko da, Estatuaren eta Komunitate Autonomoaren ordezkari kopuru berdinez osatua.
- Hasteko, Euskal Herriko Polizia Autonomoak ondokoek osatuko dituzte:
- Arabako Diputazio Foraleko Miñoien Gorputzak, oraindik dirauenak.
- Bizkaiko eta Gipuzkoako Diputazioen menpean egongo diren Miñoien eta Mikeleteen Gorputzek, prezeptu honen bidez berriro eraikitzen direnak. Geroago, Euskal Herriko erakundeek goiko apartatu horietan aipatu direnak bateratzea erabaki dezakete, edo eta, hartu dituzten konpetentziak zuzen betetzeko eraketa berria egitea. Guztiori, ordezkaritza eta ohizko eginbideei dagozkienetan, Miñoi eta Mikeleteen iraupenari kalterik egiteke.
- Goiko zenbakietan jarri direnak erabaki arren, Komunitate Autonomoan ordenu publikoa gordetzeko, Estatuaren Segurtasunerako Gorputz eta Indarrek hurrengo kasuotan esku izan dezakete:
- Euskadiko Gobernuak horrela eska diezaienean, haien eskuhartzea haren eskabidez berriro utziz.
- Beren kabuz, Estatuaren interes orokorra larriki konprometaturik aurkitzen dela iruditzen zaienean, artikulu honetako 4. zenbakian aipatzen den Segurtasunerako Batzarrearen onarpena beharrezkoa izango delarik. Parte hartzeko behar gorria balitz eta Konstituzioak zuzenik gomendatzen dizkien funtzio eta egitekoak betetzeko, Estatuaren Segurtasun-Gorputz eta Indarrek eskuhar lezakete, horren erantzule bakarra Gobernua izanik, beti ere Gorte Jeneralei guzti horren berri emanez. Gorte Jeneralak, prozedura konstituzionalaren bidez, berei dagozkien konpetentziez baliatu ahalko dira.
- Alarma, salbuespen eta setio egoera aldarrika balitez, Euskal Herriko polizi indar guztiak agintari zibil edo militar egokiaren zuzenkako agindupean jarriko lirateke, gaiok erregelatzen dituen legegintzaren arauera.
18. artikulua
- Barneko osasuna dela eta Euskal Herriari dagokio Estatuko oinarrizko legea lege berriz aurrera eramatea eta betetzea.
- Seguru Soziala dela eta, Euskal Herriari dagokio:
- Estatuko oinarrizko legea lege berriz aurrera eramatea eta betetzea, berorren erregimen ekonomikoa itxuratzen duten arauak salbu.
- Seguru Sozialaren erregimen ekonomikoaren gestioa.
- Berebat dagokio Euskal Herriari farmazi produktoez Estatuaren legeak betearaztea.
- Xede horiek lortzeko, bere barrutian, Komunitate Autonomoak organizatu eta administratu ahalko ditu goian aipaturikoez zerikusirik duketen zerbitzu guztiak, Osasun eta Seguru Sozialari dagozkienetan instituzio, erakunde eta fundazioei bere babesa emango dielarik, artikulu honetan harrotzen diren funtzioak eta konpetentziak betetzen diren ala ez jakiteko goren-gorengo inspekzioa Estatuaren eskutan egongo delarik.
- Osasun eta Seguru Sozial gaietan hartuko dituzten konpetentziak erabiltzean, Euskal Botere Publikoak interesatu guztien partizipaketa demikratikora bilduko dira, eta baita langileen sindikatoenetara eta enpresarien asoziazioenetara ere, Legeak zertuko duenaren arauera.
19. artikulua
- Euskal Herriari dagokio giza kominikabideei dagozkienetan Estatuko oinarrizko arauen legeria aurrera eramatea, Konstituzioaren 20. artikuluan agintzen dena beti ere errespetatuko delarik.
- Titulartasun estatala duten komunikabideei aplikatu behar zaien arautegi bereziari dagokionez, goiko parrafoan aipatu diren gaien bururapena Estatutoarenarekin koordinatuko da.
- Artikulu honetako lehen parrafoan esaten den bezala, Euskal Herriak erregula, sor eta atxiki ditzake bere telebista, irrati eta prentsa propioa, eta, oro har, bere helburuak lortzeko behar dituen giza komunikabide guztiak.
20. artikulua
- Euskal Biltzarreak eskaturik, Estatuak Konstituzioari jarraiki Lege Organikoz haren eskutan utziko edo ordezkatuko dituen beste puntu guztietan Euskal Herriak legegintzazko eta exekuziozko konpetentziak izango ditu.
- Euskal Herriko Komunitate Autonomoak Konstituzioko 150.1 artikuluaren arauera delegatzen zaion legeria egokia diktatzeko ahalmena izango du, delako agindu horretan seinalatzen den lege barrutia Gorte Nagusiek onar dezatenean.
- Estatutoaren bidez bere esku utzi diren gaiak ukitzen dituzten tratu eta komenioak burutuko ditu Euskal Herriak. Ezin dezake inolako akordio edo komeniok uki Euskal Herriaren atribuipen eta konpetentziarik, Konstituzioko 152.2 artikuluan seinalatzen den prozeduraz egiten ez bada behintzat, berorren 93. artikuluan aipatzen diren tratatuak salbu.
- Bere konpetentzia soil ez diren gaietan, Estatuak Euskal Herriko Komunitate Autonomoari ematen dizkion exekuzio funtzioetan sartzen da administratzeko eskubidea halaber, zerbitzuei dagozkien antolaketaren barne arautegiak diktatzekoa ere.
- Akordioak eta komenioak, berebat aduanetako lege projektoak elaboratzeko garaian, Euskal Herriarentzat interes berezia badute, Euskal Gobernuari guztiorren berri emango zaio.
- Baldin eta bestela ezertxo ere esaten ez bada, aurreko artikuluetako konpetentzia guztiak eta Estatuto honetako beste zenbait, Euskal Herriko lurralde esparruari dagozkio.
21. artikulua
Bere konpetentzia exklusiboetako gaietan Euskal Herriak duen eskubideak lehentasun osoa izango du beste edozeinen ondoan eta honen ezean bakarrik aplikatuko da Estatuaren eskubidea.
22. artikulua
- Komuinitate Autonomoak komenioak zertu ditzake beste Komunitate Autonomoekin berorien konpetentzia soil diren zerbitzuen gestioa egiteko eta elkarri laguntzeko. Indarrean sartu baino lehen, komenio horien berri Gorte Jeneralei eman behar zaie. Gorte Jeneralek edo eta Ganbaratakoren batek komenioaren berri jakin eta 30 egun barru erreparorik jartzen badute, artikulu honen hirugarren parrafoan aurrikusten den tramitea segitu beharko da. Epe horren barruan erreparorik jartzen ez bada, komenioa indarrean sartuko da.
- Komunitate Autonomoak komenioak zertu ditzake beste Herrialde Historiko foralekin berorien konpetentzigai diren zerbitzuen gestioa egiteko eta elkarri laguntzeko, horien berri Gorte Jeneralei ematea beharrezkoa delarik. Berri eman eta handik 20 egunetara komenioak indarrean sartuko dira.
- Komunitate Auitonomoak zertu ditzake kooperazio akordioak. Beste Komunitate Autonomo batzurekin ere Gorte Jeneralen baimena aldez aurretik izango delarik.
23. artikulua
- Euskal Lurraldean Estatuko Administrazio zibila Komunitate Autonomoaren esparru geografikoari egokituko zaio.
- Konstituzioko 154. artikuluak dioen bezala, administrazio hori Gobernuak izendaturiko Ordezkari batek zuzendu eta koordinatuko du, hala behar izanez gero, Komunitate Autonomoaren Adminis-trazio propioarekin.
© Eusko Legebiltzarra - Parlamento Vasco. Lege-eremua
Becerro de Bengoa 01005 Vitoria - Gasteiz
Tel.: 945 00 40 00 - Fax: 945 13 54 06
Web master








