Harremanetarako - Mapa - Irisgarritasuna - Español

Gu ezagutzeko.Autonomi Estatutua

Edukira joan

ATARIKO BURUA

1. artikulua

Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazgarri, eta bere burujabetasuna iristeko, espainol Estatuaren barruan Komunitate Autonomo gisa eratzen da. Beronen izena Euskadi zein Euskal Herria izango da; eta Konstituzio eta Estatuto honetan adierazten direnak izango ditu oinarrizko instituzio-arautzat.

2. artikulua

  1. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak eta era berean Nafarroak ere, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren partaide izateko eskubidea dute.
  2. Euskal Herriaren Komunitate Autonomoaren lurraldea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Herrialde Historikoez osatuko da, bai Nafarroakoarenaz ere, hauek egungo probintzien mugetan hartzen direlarik; eta baldin eta azkeneko horrek Konstituzioaren laugarren agindu iragankorrean erabakitzen den prozeduraren arabera partaide izatea erabakitzen badu.

3. artikulua

Euskal Herria osatzen duen Herrialde Historikoetako bakoitzak, beti ere berorren baitan, autogobernuko bere antolaketa eta instituzio propioak gorde ditzake edota, bestela, berrezar eta egunera.

4. artikulua

Euskal Biltzarreak emango duen legearen bitartez eta Komunitate Autonomoaren lurraldearen barruan egingo da Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren Erakunde komunen egoitzaren hautaketa.

5. artikulua

  1. Euskal Herriko ezaugarria ikurrin bigurutzeduna da: aspa berde bat, gurutze zuri bat gainean eta hondo gorriaz osatua.
  2. Orobat onartzen dira Komunitate Autonomoaren barruko Herrialde Historikoetako banderak eta ezaugarriak.

6. artikulua

  1. Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera, eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.
  2. Komunitate Autonomoko Erakunde amankomunek Euskal Herriko egoera sozio linguistikoaren ñabardurak kontutan izanik, bi hizkuntzen erabilpena bermatuko dute, berorien ofizialtasuna erregulatuz, eta berorien ezagutza segurtatzeko behar diren neurriak eta medioak erabaki eta baliaraziko dituzte.
  3. Hizkuntza dela-eta, ez da inor gutxietsiko.
  4. Euskarari dagozkionetan, Euskaltzaindia izango da erakunde aholku-emale.
  5. Euskara beste euskal lurralde eta komunitate batzutako ondarea ere izanik, erakunde akademiko eta kulturazkoek beroriekin izan ditzaketen harreman eta loturez kanpo, Euskal Herriko Komunitate Autonomoak eskatu ahalko dio espainol Gobernuari lurralde eta komunitate horiek kokaturik daudeneko Estatuekin itunak eta komenioak egin ditzala -edo eta hala behar izanez gero Gorte Jeneralei horretarako eskabidea ager dezan, berauek hura onartzeko-, horretara euskara zaindu eta bultza dadin.

7. artikulua

  1. Estatuto honetaz balia ahal izateko, ondoko hauek izango dute euskaldunen kondizio politikoa: Estatuko lege orokorren arauera, Komunitate Autonomoaren lurraldeko edozein udaletan egoitza administratiboa duten guztiek.
  2. Atzerrian bizi direnek eta gauza bera berorien ondokoek hala eskatzen baldin badute, Euskal Herrian bizi diren egoiliarrek dituzten eskubide berberak izango dituzte, baldin eta horien azken egoitza administratiboa Euskal Herrian izan bada, eta españatar naziotasunari eutsi badiote.

8. artikulua

Euskal Herriko Komunitate Autonomoari, beronen lurraldean osorik kokaturik dauden eskualdeak edo udalbarrutiak erants dakizkioke, baldintza hauek betez gero:

  1. Erasketa-eskabide hori Udalaren edo Udalen arteko gehiengoak egitea eta bide batez sartu nahi duten eskualdea edo udal barrutiak dauden Komunitate edo Probintziaren iritzia biltzea.
  2. Delako udalbarruti edo lurralde horietako bizilagunek berek hala erabakitzea, horretarako bereziki antolatuko den referendumaren bidez, eta aldez aurretik baimen guztiak bildurik eta bozkatu diren boto baliodunen gehiengoa aintzakotzat harturik.
  3. Euskal Herriko Biltzarreak lehenik eta Estatuko Gorte Nagusiek gero, Lege Organikoaren bidez, aintzakotzat hartzea.

9. artikulua

  1. Euskal Herriko hiritarren oinarrizko eskubideak eta betebeharrak Konstituzioan finkaturik dauden berberak dira.
  2. Euskal botere publikoek, beroriei dagozkien alorretan:
    1. Hiritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilpen egokia zaindu eta bermatuko dute.
    2. Bizitzeko eta lan egiteko kondizioen hobekuntza ekar dezakeen politika bultzatuko dute bereziki.
    3. Enpleguaren gehikuntza eta ekonomiaren egonkortasuna sustatzen lagun dezaketen neurriak hartuko dituzte.
    4. Gizabanakoaren eta berori sartuko den taldeen askatasuna eta berdintasuna zinezkoa eta egiazkoa izan daitezen, diratekeen oztopoak erauzteko eta aldeko kondizioei eragiteko neurriak hartuko dituzte.
    5. Euskal Herriko politika, ekonomia, kultura eta gizarte alorretako bizitzan hiritar guztien partehartzea erraztuko dute.

© Eusko Legebiltzarra - Parlamento Vasco. Lege-eremua
Becerro de Bengoa 01005 Vitoria - Gasteiz
Tel.: 945 00 40 00 - Fax: 945 13 54 06
Web master
Parte hartuHarpidetu zaitez
TranskripzioaErabakiak
Legebiltzarreko Lehendakariaren gunea
Biktimak
Kristalezko kuboak, denbora pasatzekoak, ikus-entzunezkoak eta bestelakoak...